Gaur da 1990eko abenduaren 6a. Gaur, euskara hutsezko egunkaria amestu zuten zoro haiek guztiak gogoratzeko eguna. Gaur, amets hura sortu zutela ospatzeko eguna, baina baita ametsa eskuetatik ostu zigutela ez ahaztekoa ere. Gaur inoiz baino argiago dugu ezina ekinez egin daitekeela, baina horretan gogor engaiatzeak tortura ekarri dezakeela. Gaur, oroituko dugu kartzela, eta hausnartuko dugu herriak behin eta berriro zerotik hasteko duen indarraz. Gaur, eskertuko diogu geure buruari zenbat gauza egiteko gai izan garen eta zenbat egiten ez diguten utzi nahi izan. Gaur da eguna enpresarien elkarteek oraindik ere ez dutena aztertu zein inpaktu ekonomiko izan zuen Euskaldunon Egunkaria-ren itxierak. Gaur berriz ere konturatuko gara anekdota bat garela merkatuaren begietan. Euskarak gaur ere ez du dirurik sortzen: ez behintzat zenbaitek nahiko lukeen kopuruetan. 23 urte geroago, gaur oraindik isilik jarraitzen dute gure auzoetako hedabide askok, nahiz eta jakin egunkari baten itxiera adierazpen askatasunaren kontrako ekintza dela. Gaur ere ikusiko dugu nortzuk gogoratzen diren gutaz eta nortzuk ez. Gaur geure buruari galdetuko diogu ea zergatik normalizatzen dugun prekaritatea euskaraz sortzea erabaki genuenok. Espaloiaren beste aldetik, ordea, beste galdera bat egingo digute: «Zer nahi duzue, bada, kazetari onak ala euskaldunak?».
Anekdotikoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu