Onintza Enbeita

Argiak

2025eko abenduaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Piztu dituzte gabonetako argiak. Erakusleihoetatik deika ari zaizkigu: «Zatozte, eta gastatu ezazue dirua». Sare sozialak propagandaz bete dira: dena da deskontua, dena opari ideala, dena merezi duen gastua. Umeak Olentzerori idazten hasita daude, eta zurrunbilo honetan, harrigarria da nola eusten dioten inozentziari. Zaila da haien aurrean disimulatzea ere. Betiko dendetara sartzen zara, eta esan gabe esaten hasten zaizkizu amari oparitzeko zer daukaten, edo zure aitari gustatzen zaion bizarra egiteko krema ekarri dutela. Dena da saltzea, eta dena erostea. Musikaz eta argiz apaintzen digute kontsumismo zoroa. Eta erori egiten gara; ni bai behintzat. Urtero esaten mugak jarriko dizkiodala neure buruari, baina gustatu egiten zait gabonetako giro hortera hori, eta egoerak eraman egiten nau askotan. Imajinatzen dut neure burua mahaiaren inguruan senideekin kantuan eta iruditzen zait une horrek ardo ona merezi duela, eta pentsatzen dut nire ilobak ze aurpegi jarriko duen opariak zabaltzen, eta behar baino gehiago erosten dizkiot. Gauza txiki mordoa batzen zaizkit, eta azkenean, merezi ez duen dirutza eta energia xahutzen ditut.

Aurten, inoiz baino lehenago piztu dituzte gabonetako argiak: abenduari ere itxaron gabe. Seguruenik badakitelako kaleko argiak piztearekin batera jende askoren alarmak desaktibatu egiten direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.