Pertsona helduak zein umeak esplotatzen dituzte munduko punta batean arropa asko jos ditzaten denbora gutxian eta diru gutxiren truke. Gero, planetaren beste aldean, aberatsak direla pentsarazteko, beste norbaitek esplotatzen dituen langileei saltzen dizkie arropa horiek guztiak. Guztiak ez. Ezin dute ekoizten duten guztia saldu, baina merkeago ateratzen zaie tonak eta tonak ekoiztea, nahikoa dutenean oihal prentsa erraldoiak gelditzea baino. Arropa asko gelditzen da sobera. Beharrik izan gabe alkandorak, soinekoak, jakak, prakak… erosten ditugunok Afrika bete dugu ezertarako balio ez duten ohial zatiez, baina behar ez dugun arropa hori dena behar dugula sinetsarazi digutenek Atakamako desertua bete dute sekula erabili ez diren arropez. Ezerk ez dauka zentzurik.
Birziklatzearen garrantzia ikasi dugu, baina agian, benetan ikasi behar duguna da gutxiago erosten, behar ez duguna eskuratzeko antsietaterik ez izaten. Nonbait gelditu behar dugu hau guztia. Gure ustezko beharretatik aberastu direnek ez dute galgarik jarriko; beraz, guri dagokigu zerbait egitea. Neu naiz armairua beti hutsik ikusten duen lehenengoa, baina nahi dizkiot neure buruari mugak jarri. Merkeago daudelako edo denboraldia aldatu delako arropak erosteari uztea zail egiten bazaigu, agian, has gaitezke beste logika batekin egindako arropa kontsumitzetik.