Gaur ez ei da ezkontzeko eta itsasontzia hartzeko egun ona: asteartea da, eta hilak 13 ditu. Ez dakit zer egin digun zenbaki horrek, baina Ez dok hamahiru, badaezpada. Gurean, 13, beti izan da fraideen dozena. Gure aitak esaten du hartzeko 13 izaten zituela abitudunen dozenak, baina emateko 11. Ez dakigu noiztik egotzi zaizkion gaitzak 13ari, baina hegazkin askotan ez dago hamahirugarren ilararik. Pentsatzen-pentsatzen, konturatu naiz katu beltzak ere inolako errurik gabe kriminalizatu ditugula. Gizakiak badu gaizki egiten dituen gauzen errua beste norbaiti edo zerbaiti botatzeko ohitura, eta agian, horrek ekarriko zituen superstizioak. Ez dut esango nik batere ez dudanik, baina kolore horiko berokiarekin kantatu nuen egunean barre egin zidaten: gauzak ez ziren gaizki atera, ordea. Gaur ere, ez diot kasu egingo diotenari. Ezkondu ez naiz egingo, egia esan. Ez baitut horretarako asmorik momentuz: ez 13an, ez 14an, ez 15ean. Barkuan pozik sartuko nintzateke, ostera: Urdaibain buelta bat eman, Ogoño atzetik ikusi eta buelta Mundakara. Egun zoragarri baterako plan bikaina da. Etxera itzuli eta katu beltza hartuko nuke altzoan (berak hala nahi balu, noski) telebista ikusten dudan bitartean. Izan ere, bizitzak egun eder gutxi ematen dizkigu bolada batzuetan, guk zenbakia gustatzen ez zaigulako bat kentzeko.
Asteartea eta 13
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu