Nahiz eta mundu kapitalistak geure zilborretik harago ez begiratzeko esaten digun, beti dago ondo ingurura begiratzea. Esate baterako: ospitalera goazenean medikuengan jartzen dugu arreta osoa, baina gu ospitalean ondo egon gaitezen jende askok egiten du lan. Berdin jatetxe garestietara joaten garenean: sukaldariarena izaten da meritua baina beti da beste bat garbitzeaz arduratzen dena. Telebista publikora goazenean halako edo bestelako aurkezle edo produktorerengana joaten gara baina haiek ez dira sarrerara gure bila etortzen. Harrera egiten digutenak azafatak dira, eta euskarazko telebista publikoko egoitzan daudenak borrokan ari dira. Jendeak pentsatuko du egiten duten lana ezdeusa dela, baina gauzek ondo funtziona dezaten, besteak bezain beharrezkoak dira. Ez dute zor ez zaien ezer eskatzen: lan baldintza duinak, soldatak desizoztea… haiek ez dute mikrorik: guk bai. Azpikontratazioaren ajeak jasaten ari dira, eta ez dute zertan. Telebista publikoan lan egiten dute.
Zuekin nago, neskak. Feminizatutako beste sektore askori bezala, garrantzia kentzen diete askotan zuen lanari, baina ezinbestekoa da. Telebista egiten jarraitzeko besteak bezain beharrezkoak zarete. Ez baita bakarrik harrera: bakoitza bere orduan behar duen lekuan kokatzen jakitea da. Eskatzen duzuena zilegi da. Gure errespetua gutxienez merezi du zuen borrokak.