Onintza Enbeita

Azkena

2026ko urtarrilaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egon zen gure bizitzetan garai bat, inguruan preso asko bildu zitzaizkiguna. Lagunak, senideak, ezagunak, lagun minak, herrikoak… Sakabanaketak ukitu egiten gintuen zuzenean edo zeharka. Bidaia luzeak egitera ohitu ginen asko eta asko: Andaluzia, Galizia, Paris… Preso politiko asko zeuden kartzelan, eta ez ziren denak etakideak. Alderdi politikoen eta bestelako erakundeen ilegalizazioek kartzelak bete egin zituzten. Maite genituenen eskubideen defentsak kalean pultsua egitera eraman gintuen behin baino gehiagotan. Urtarrileko bigarren zapatuan Bilbora joatea ia derrigor betetzen genuen ariketa zen. Hortik aurrera astero elkartzen ginen herrian, hilabetero eskualdean, egun seinalatuetan brindisak egiten genituen falta zirenen alde, txandak egiten genituen txosnetan presoei eta haien senideei sostengu ekonomikoa eman ahal izateko… Gure eguneroko bizitzaren parte ziren presoak. Harik eta guztia azkar konponduko zela sinetsarazi ziguten arte. Nola arazo bakarra ETA zen, hura bukatzean beste guztia erraz deskorapilatuko zela zirudien.

Konponbidetik urrun, oraindik jendea bada kartzelan. Ez dezagula gutxi batzuen arazoa dela pentsatu. Lehen bezain gure ardura dira presoak eta haien askatasuna. Gustatuko litzaidake Bilbora goazen azken urtea gaur izatea. Hala ez bada, itzuliko gara, baina oxala hala balitz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.