Onintza Enbeita

Barrura

2026ko martxoaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela sei urte etxean sartu gintuzten. Alarma egoeran jarri zen espainiar estatua eta gu ere haren legepean barrura etorri ginen. Ez zen manifestaziorik izan, inor ez zen inon kateatu etxera ez sartzeko: isil-isilik gorde ginen bakoitza bere egongelan. Ez genuen pentsatu etxerik ez zutenengan, etsaiarekin lo egiten zutenengan, etxe barruan iraun ezin zutenengan… Esan zigutena egin genuen, beldurtuta zegoen gizartea. Gero etorri zen albokoak seinalatzea, gu ondo ari ginelakoan gaizki ari zirenei buruz edozer esatea, medikuei txaloak jotzea, txertatzea, ezer zalantzan ez jartzea… Batzuetan pentsatzen dut oso aspaldi gertatu zela guztia, baina sei urte baino ez dira igaro. Eta orduan aldatu ziren gauza batzuek aldatuta jarraitzen dutela iruditzen zait. Gauza batzuk ez direla lehengora bueltatu. Beti akordatuko naiz lau astetan egin gabe egon eta gero Gernikan azoka egin zen lehen astelehenaz: tentsioa igartzen zen, baina denok genekien supermerkatuak ez zituztela egun bakarrean ere itxi.

Segurtasunaren izenean beharrezkoak ez ziren neurri mordoa harrarazi zizkiguten. Zaharrak eta gaixoak abandonatu egin genituen. Lagunengandik urrundu ginen gutako batzuek ez genuelako elkar besarkatzeko beldurrik. Orain inork ez du gertatuaz hitz egin nahi. Ez ondo eginaz ez gaizki eginaz. Nik, ordea, beharra dut emozio haiek ateratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA