Dokumental ederra eskaintzen ari da Euskal Telebista. Duela aste pare batetik hona, Urdaibaiko Biosferaren Erreserban jarritako hainbat kamerak hartutako irudiak eskaintzen ari dira. Hanka biko animaliak begira ez gaudenean lau hankakoek egiten dituzten gauzak erakusten dizkigu programak. Xumeegi esplikatu dut behar bada, baina irudi ederrak ematen ari dira. Harrigarria egiten zait bizi naizen lekuaz ari direla pentsatzea. Normalean ikusi ezin ditugun gauzak erakusten ari zaizkigu. Batekin baino gehiagorekin komentatu dut, eta naturaren maitale ez den jendea ere txundituta dago.
Zer pentsatua eman dit programa orain emateak. Ezerekin ere ez naizela konformatzen esango luke gure amak. Beti badudala zerbait, baina ez da hori. Zer pentsatua eman dit, atzo arte, Biosferaren Erreserbaren bihotzean urtean milaka lagun hartuko dituen museo bat egin nahi izanak. Hau da: kamerak ezkutuan jarrita ari gara animalien bizitzari begira, eta oraintsura arte sinetsarazi nahi izan digute urtean ez dakit zenbat mila lagun Urdaibaiko hezeguneetan zehar ibiltzeak ez duela hango basa-bizitzan eraginik izango. Arrazoi duzue: gauza bat da gauza bat eta beste gauza bat da beste gauza bat. Kontua da herri honetan agintaritzak eta iritziak gehiegitan gurutzatzen direla, eta horrek are eta harrigarriagoa egiten duela hau guztia.