Israelek nahi duena egiten du. Palestinan gertatzen ari dena larria ez balitz, barre egingo nuke sionistek aukeratutako herria direla esaten duten aldi bakoitzean. Ostera, sinesmen horretatik abiatu dira besteak deshumanizatzeraino eta anikilatzeraino. Izugarria da. Ez da bakarrik genozidioa amaitzeko azken traka prestatzen ari direla: hura salatu nahi dutenak edo haren kontra egin nahi dutenak ere dianan daude. Duela astebete Israel Premier Tech taldeko txirrindulariek pena eman behar zieten errepide ertzetan protestan ari zirenei: ezin dira politika eta txirrindularitza nahastu, txirrindulariek ez dute errurik, Netanyahu egiten ari denak ezin du kirolean eragin... Israeli ez dio Global Sumud Flotillak enpatiarik sortu, ordea. Berdin dio nongo jendea den, zibilak diren, zein fama duten, haiek hiltzeak zer eragin dezakeen... berriz ere hasi da suarekin olgetan: eraso egin dio flotillari. Ez gainera Gazako kostaldean: Tunisian egin dio erasoa Gazako blokeoa eteteko asmoz abiatutako ontzietako bati.
Ikusi ditugu estatu bi aldarrikatzen zituzten kazetariak diskurtsoa aldatzen, ikusi dugu mundua irudiei begiratu ezinda, gobernu gehienak geldi... Errukiak ez du balio. Beste zerbait egin behar dugu, berehala. Boikota? Israel bakartu? Edozer egiten dugula ere, jadanik, berandu ari gara.