Onintza Enbeita

Biktimak

2025eko irailaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Makina bat manifestaziotan egon izan gara gaurko egunez. Terroristak omen zirelako biktima izatea merezi ez omen duen jendea gogoratzen genuen manifestazio horietan. Denak ez zituzten garai eta modu berean hil, baina guztien familiek bizi izan dute odisea politiko-burokratiko-antiemozionala. Eta, hala ere, askok esperantza galdu egin dute euren senideak biktimatzat har daitezen. Francok fusilatu zituenen biktimatasuna ere zalantzan jarri izan du zenbaitek. Ahanzturarako deia egiteko aitzakia eta arrazoi asko daude: bizirik zeudela egindakoak baldintzatzen du askorentzat hil eta geroko tratua. Uler nezake horraino, nahiz eta biktimatzat hartu ditugun askoren bizi-ibilbidea espantugarria iruditu. Biktimak biktima dira. 

Kontua da hemen, duela urte batzuetatik hona batez ere, biktima batzuen memoria ukatu egin dela beste biktima batzuen mina ez areagotzearren. Ekuazioa askatzea zaila izango da, jakina, baina biktima guztiek dute haiek oroitzean negar egiten duen norbait, eta haien hiltzailea ohoratzen dutenean mintzen den inguru oso bat. Eta hemen hiltzaile batzuei saritu egin zaie biktimak sortu izana, eta hori mingarria bezain gogorra eta krudela da. Eta entzuten dituzu hildakoen senideak azaltzen zer kostatu zaien eta kostatzen ari zaien biktima izaera lortzea, eta barruan zerbait apurtzen zaizu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.