Onintza Enbeita

Egun onik ez

2026ko martxoaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espero genuen. Pentsatzen genuen euskararen kontrako oldarraldia antolatua izan zitekeela. Beti jakin dugu badela jendea euskara ikasten ez duena nahi ez duelako. Ez da egia euskara zaila dela: ez dute ikasten gu baino gehiago sentitzen direlako. Badakite gaztelaniaz: ez dute besterik behar. Nor gara gu haiei beste hizkuntza bat irakasteko? Hori bai, guk beraiena derrigor ikasi behar izan dugu. Izan genezakeen interes gehiago frantsesa edo portugesa ikasteko, baina gaztelania ikasarazi digute. Eta, gainera, mesede egingo digula iradoki: euskararekin Euskal Herrian bakarrik bizi daiteke, baina haien berbetan irakur daitekeenez, gaztelaniarekin munduko edozein tokitan komunikatu gintezke lasai asko.

Oposizio bat eta beste bat eta beste bat izorratu dute. Udaletxe bat eta beste bat eta beste bat salatu dituzte. Eta epaitegiek arrazoia eman diete. Eta gu, euskaldunok, arrotz sentiarazi gaituzte, behin eta berriro, geure etxean. Leihatila batean eta bestean eta bestean azaldu behar izan ditugu gure arazoak gurea ez den hizkuntza batean, haiek gutaz barre egin duten bitartean. Eta orain jakin dugu bagenekiena: hau dena antolatutako sabotaje euskarafoboa da. Abokatuak debalde, whatsappeko taldeak, jendea salaketa jartzera animatzea… Eskerrik asko hau argitaratu duten kazetariei. Notizia honen protagonistentzat ez daukat egun onik ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA