Lagun batek esan zidan 2025ean erabaki beharko balu Lemoizko zentral nuklearraren eta mendietan jarri nahi duten eoliko saldoaren artean, Lemoizko zentrala aukeratuko lukeela. Neuk ere baietz esan nion. Min handiz, baina baietz. Sarritan jartzen dut zalantzan energia berdea ere zein puntutaraino den berdea. Nik ez dakit energiaz askorik, kazetaritza ikasi nuen, baina ez dut isilik gelditu nahi. Gauza bat argi daukat: kontua ez da mendietan haize errotak ipintzea eta kito. Jakin nahi nuke halako poste bakoitzeko zenbat metro zulatu behar duten beherantz metro horiek guztiek airean zutik iraun ahal izateko. Eta jakin nahiko nuke ze tamainatako kamioiak beharko dituzten gure mendietara haize errota horien helizeak igotzeko, eta kamioi horientzako zelako bideak eraiki nahiko dituzten. Ze bistakoa da idi gurdietan ez dituztela eramango oraingo mendi bideetatik.
Energiaren eztabaida askoz sakonagoa da haize errotak ipini edo ez erabakitzea baino. Izan ere, denok nahi ditugu zentral nuklearrak etxetik urrun, baina denok nahi ditugu etxean hozkailua, izozkailua, ontzi garbigailua, arropa garbigailua, auto elektrikoa, ez dakit zenbat gauza elektroniko kargatzeko entxufeak... eta dena ezin da. Hori bai, aitor dezagun energia berriztagarrien albo kalteak ere izan daitezkeela jasangaitzak.