Errepidean geldigaitzak garela kantatzen du Zetakek, baina gure herrian bizi garenok beste ondorio batera iritsi gara: errepidea bera da gelditu ezin dena. Herri osoa zeharkatzen du BI-635 errepideak eta inor ez da astiro ibiltzen. Semaforoak badaude, zebra bideak ere bai puntu konkretu batzuetan, baina milaka auto pasatzen dira egunero, eta ez dago ezer onik egiteko modurik. Herriko bizitza erabat baldintzatzen du trafikoak. Auzo batetik bestera oinez joatea arrisku handiegiko kirola da gurean. Oinezko asko hil dira errepide horretan. Herritarrok udalera jotzen dugu aldiro, baina errepidea Bizkaiko Foru Aldundiarena da. Momentuz, ez dute ezer egin behar dutenik ikusi. Guk ez dugu aldaketa handirik ikusi behintzat. 20.000 ibilgailu baino gehiagok zeharkatzen gaituzte egunero, baina badirudi hori dela Urdaibaiko sarreretako bat izateagatik ordaindu behar dugun bidesaria.
Ez dago Amorebieta-Etxanotik Gernikarako bide guztia orduko 120 kilometroko abiaduran egin beharrik. Lasaitasuna merezi dugu: abiadura moteltzea. Ez gara jendeak leihotik ikusten dituen lau baserri eder: baserri horietan bizi garen jendea gara. Autoan doazenek zikinkeriaz betetzen dituzten lurrak landu egiten ditugu. Dagokionak zerbait egin behar du, azkar. Izan ere, martxa honetan errepideak figuratiboki eta fisikoki akabatuko gaitu.