Gaur bezalako egun batean esnatu zen berriz ere faxismoa. Gerora eskoletan gerra zibila deitu zioten altxamendu militarra hasi zuten. Ehunka lagun harrapatu eta fusilatu zituzten: gorriak zirelako, fededunak ez zirelako, homosexualak zirelako, ijitoak zirelako… hartu eta hil, inori azalpenik eman gabe. Hiru urte kostatu zitzaien egoeraren erabateko kontrola hartzea. Gerraren amaiera deitu zioten. Haiek irabazi zuten. Espainia handi eta bakarraren kontrol osoa hartu zuten, eta gu, Hegoaldea deitzen zaion Euskal Herriaren zati honetan bizi garenok haien menpe geratu ginen ezinbestean. Berrogei urtez eutsi zioten botereari, eta ondoren, primeran atondu zuten dena ezer ez zedin aldatu. Eta hor egon dira beste berrogei urtean lo, eroso. Ez dute egindakoen gainean azalpenik eman behar izan: Gernika adibide. Gerraren gogortasunaz hitz egin izan digute haiek ere: guztiek sufritzen baitute gerran. Hipokrisia. Gerrarik ez zegoen haiek bat sortu zuten arte, eta amaitu ere haientzat amaitu zen. Ez baitiote jende umila zapaltzeari sekula utzi. Ez baitiote haien izaera faxistari sekula bizkarrik eman.
Eta horrela esnatu dira berriz ere lozorrotik beren pribilegioak galzorian ikusi dituztenean. Ez direla pasako esaten zuten 1936an faxismoaren kontrakoek, eta pasatu egin ziren. Guri ere esnatzea dagokigu 2026an ez daitezen pasatu.