Onintza Enbeita

Futbola

2025eko azaroaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur San Mames bete egingo da baina futbola izango da gutxienekoa. Jende asko joango da bere sentitzen duen taldea animatzera, baina, kasu honetan, talde biak sentitzen ditugu geure. Euskal Selekzioa ofiziala izatea nahi dugunontzat egun berezia da gaurkoa, baina Palestina bere buruaren jabe izatea nahi dugunontzat ere bai. Festa erraldoia aldarrikapenez beteko da edo aldarrikapen erraldoia festaz. Berdin da nondik begiratzen dugun. Agian, futbol partida batek ezin du genozidioa erabat gelditu edo haren ondorioak ezin ditu saihestu, baina esperantza sortu dezake. Ez futbolak berak, baina bai han elkartuko den jendearen indarrak. Batuta indartsuak garela esaten dugunean, ez dakit esatearren esaten dugun edo ez, baina nik sinisten dut taldearen indarrean. Baita komunitate baten parte sentitzeak ahaldundu egiten gaituela ere.

Gaur gu ez gara San Mamesen egongo. Ordu horretan, dena ondo badoa, beste gauza batzuk ospatzen edo amaitzen egongo gara. Bertso ttipiak eta gauza horiek, badakizue. Edozelan ere, pozik nago gaur Bilbok hartuko dituen koloreak hartuko dituelako. Espainiako Selekzioaren azken garaipen handian gure herrietako tabernetan pantaila handiak jartzetik, Palestinako herriari Katedrala eskaintzera salto egin dugu. Ez dadila sinbolikoa bakarrik izan. Gaurko ederrak utzi dezala arrastoren bat datorren asteburuko partidan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.