Nik infinitu maite dudan gizonak eta gure izeko Goranek munduko gazta tartarik onenak egiten dituzte. Ez da nire iritzia: datu objektiboa da. Badira inguruan gazta tarta on gehiago ere, baina bi horiek ederrak dira. Egitera animatzen direnero ematen didate begiek buelta. Ezin dut saihestu. Gehien gustatzen zaidan pastela da, eta ondoen egiten dutenena bizioa da. Bizio arriskutsua: kalte egin arte jateko gai naiz. Ez didate sinisten, baina konpetentzia handia sortu zaie. Bilboko Zazpikaleetan bada ilara handiak izaten dituen denda txiki bat, eta Donostian ere ba omen dago beste bat: gazta tarta saltzen dute.
Ez dakit nork esan duen Euskal Herrian typical dela, baina jendetza egoten da tarta zati baten zain. Ez dakit noiztik den gazta tarta hain gurea. Duela urte gutxira arte, beste tartak jaten ez genituenok baino ez genuen jaten. Barkatuko didazue esatea, baina halako dendetan baino gazta tarta hobeak mila aldiz jan dituzue. Badakizue, baina norbaitek esan behar du erregea biluzik dagoela. Konpetentziarena ironia baino ez zen, jakina.
Honek ez dauka bueltarik. Bihar norbaitek esango du korrokoiak direla Euskal Herrian jaten dugun arrain typical eta ilaran itxarongo dute milaka turistak haiek brasan eginda jateko. Beldurra ematen dit hemendik kanpo noanean ni ere hain erridikulua izan nintekeela pentsatzeak.