Onintza Enbeita

Genealogia

2025eko abenduaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dakit gure herriaren historiaren gogorragatik den, azken sei-zazpi hamarkaden gordintasunagatik edo galtzaileen konplexuarengatik, baina zail daukagu gertatu zaizkigun eta egin ditugun gauzen errelatoa egitea. Batzuek gertatu zaiena kontatzearekin nahikoa duten bitartean, besteok etengabe esan eta aitortu behar dugu egin genuena. Eta badirudi ezer ez digutela egin, ezer ez zaigula gertatu. Ni, beste asko bezala, gerra galdu zutenen bandoko etxe batean jaio nintzen, eta gerora Herri Batasunekoak izan ziren gurean denak: gerraoste, ukatutako umezaro, lapurreta, kartzela, tortura eta makrosumario eta guzti. Guk badugu genealogia bat. Izan daiteke konfundituta egon den jendez betea, baina gurea da. Guk ikasi genuen etxean ikusten genuen jendeaz gutxi galdetzen, eta iparraldera joaten ginenean bostekoa ematen zigutenen goraintziak hartzen. Eta maite izan dugun jendeari buruz edozer entzun dugu. Eta dena ez da egia izan. Eta isiltzen ikasi dugu. Baina gure genealogiak ere errespetua merezi du. Guztion errelatoa da beharrezkoa memoria eraikitzeko; bai behintzat guztiona izango bada. Nik maitasunez gogoratzen dut Peixoto. Bizitzak elkartu gintuenero miresmen handia erakutsi zidan gure aitonarekiko, eta estimu handia nire konpromisoarekiko. Eta maitasuna hartu eta ematea behintzat, inork ezingo digu ukatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.