Onintza Enbeita

Global Sumud

2025eko irailaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hau idazten hasi naizenean oraindik Gazara bidean zen Global Sumud Flotilla. Agian, hau argitaratzen denerako iritsita egongo dira, edo Israelgo armadak bidean bahituko zituen partaideak. Ez dakit zer gehiago esan dezakegun Palestinaz. Guztiok ikusi dugu nola ari diren Gaza mapatik ezabatzen, eta gure bizitzekin jarraitu dugu. Ez dago irudiek eragiten duten mina jasateko modurik, baina jasan egin dugu. Ohitu egin garela esango nuke handik iristen zaizkigun notiziak gogorragoak ez balira egunetik egunera. Israelen psikopatiak ez dauka azkenik. Eta munduari berdin dio. Errusiak Ukrainan hiltzen duen zuri bakoitzeko gaitzespen oldea entzuten dugu, baina Palestinan hiltzen dituzten arabiarrek ez digute inporta. Bizitza guztiek ez dute berdin balio, eta borroka guztiek ere ez.

Ez dakit zer lor dezakeen Gazara abiatu den flotilla honek. Ikusgarritasuna eta gutxi gehiago seguruenetik, baina zerbaiterako balioko duela pentsatu nahi dut. Gazan Trumpek azaldutako atsedenlekua egitea, gizateria osoaren porrota izango da. Gu izango gara genozidio bat telebistaz ikusi, eta ezer egin ez zuen belaunaldia. Gure politikariak izango dira sorlekuaren arabera umeei prezio bat edo beste jarri ziotenak. Ez dakit zerk libra gaitzakeen porrot kolektibotik, baina zerbait egin behar dugu.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.