Onintza Enbeita

Hildakoak

2026ko azaroaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzo, gaur eta bihar hilerrietatik paseatzea ederra da. Urte guztian ez bezala, hildakoei egindako bisitak ugaritzen dira, eta dena lorez janzten dute. Inork ez du ondokoak baino panteoi tristeagoa izan nahi. Guztiok elkar ezagutu dugun herri txikietan ederra da ariketa. Pasatzen zara batetik eta bestetik eta han daude, iazko irribarre berarekin behinola zure geografian ordezkaezinak izan ziren pertsonak. Batzuk zahar hil ziren, beste batzuk ez. Batzuk gaixorik, besteak bat-batean. Badira bizitza justua izan ez zutenak. Lasai hil zirenak ere bai. Munarriei begira bizi izan zirenek hemen utzi zituzten hektarea guztiak. Lagunei erronda bat bakarra ordaindu gabe alde egin zutenei inork ez zien dirurik sartu kutxara. Gaixorik zeudenean ere elizara begiak margotuta joaten ziren andre ederren perfumeaz gutxi gogoratzen gara honezkero, eta bisoi larruz egindako beroki terrible haiek ganbaretan daude sitsak janda. Gerra irabazi zutelako norbait zirela uste zutenak ez daude besteak baino leku hobean: lurpean daude. Tabernara buelta asko egin zutenekin ezin dugu azken toparik egin, eta emazteari bizitza izorratu ziotenek ezin dute orain hura kontrolatu. Bidaiari zirenak geldi leku berean, eta etxean goxo egotera ohituak bidaia eternalean. Bakoitza bere lekuan, eta, aldi berean, guztiak sekula joan nahi izango ez luketen lekuan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA