«Ez naiz zutaz gogoratzen», esan zidan. Ez nuen pentsatzen gogoratuko ninduenik, egia esan; hala ere, erantzuna ez nuen espero. Hamar urte dira ni ez naizela Madrilen parlamentari. Arraroa litzateke gogoratzea. Lehen lau urtean behin ziren 300 aurpegi berri, eta azken urteetan legegintzaldi gutxi heldu dira betetzera. Jende berri asko da hori: parlamentariak, aholkulariak, komunikazio arduradunak eta kazetariak. Hotz esan zidan ez ninduela gogoratzen eta momentu batean pentsatu nuen nahita esan zidala: min emateko. Eta pentsatu nuen nik ere badudala egoa, eta neure umiltasun faltsuaren azpian, nahiko nukeela tipo hark ezagutzea eta atea irekitzea. Ez zen halakorik gertatu.
Eta gogoratu nintzen kazetari lanetan hasi nintzenean nola esan zidan tokiko informazioa ematen zuen kazetari zaharrago batek ez zentratzeko alkateengan, egiteko idazkarien lagun. Politikariak joan eta etorri egiten dira, langileak ez. Orduan zalantza sortu zitzaidan zenbait herri txikitan ea benetan nork hartzen dituen erabakiak: politikariek ala teknikariek. Eta oporretan ez neukan burua nekatzeko gogorik. Orduan buelta emateko gogoa sartu zitzaidan eta langile hari kontuak eskatzekoa oporretan pentsarazi egin zidalako. Ez nuen egin. Guk nahi dugu jendearen memorian iraun, baina ez gara hain inportanteak: eta eskerrak.