Beti dauka zerbait esateko. Astelehenero. Dena da garestia, edo txikia, edo itsusia. Behin esan nion ez bazitzaizkion gure barazkiak gustatzen ez erosteko, baina itzuli egiten da. Askotan pentsatu dut gustatzen zaiona ni lekutik ateratzea dela. Astelehenean ere egin zidan brokolien inguruko komentarioa, baina badaezpada, hiru erosi zituen. Esan nion berak nahi ez bazituen erosiko zituela beste norbaitek, baina ez. Hantxe. Ez dakit nork arrautza txikiak saldu dizkiola, badakit nork azaloreak belztuta dauzkala, ez daukagula lotsarik, edozer kobratzen dugula… haizea hartzera ere bidali izan dut inoiz. «Zoaz Mercadonara, edo Eroskira, ea han zer aurkitzen duzun!». Guk behar duguna bezero kontzientziadunak dira, eta ahal bada, irribarre egiten dutenak. Janari ona erosteak merkeagoa izan behar lukeela esan zidan. Ados nago. Janari ona denon eskura jarri behar da, baina ez dezagun geure burua engainatu: janari merkerik ez dago.
Merke erosten dugun arrautza, tomate edo aza bakoitza ekoizteko lurra, animaliak eta pertsonak esplotatu dituzte. Horixe baino ez dakar EB-Mercosur akordioak: esplotazioa. Elikadura negozioa dela ulertzen dutenek ez dute hitzarmenik egingo nekazari txikien alde, euren irabaziak handitzearen alde baino. Zer zentzu dauka itsasoaren beste aldetik milaka tona ekartzeak bertakoa saldu ezinda bagaude?