Onintza Enbeita

Jatorria

2026ko irailaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lehen esaten ziguten urrutiegi joaten ari ginela gizon guztiak bortxatzaile potentzialak direla esaten genuenean. Orain esaten digute bortxatzailearen jatorria segun eta zein den, ez dugula deus esaten. Ez dakit iritsiko den eguna, sexu erasoak izan badirela onartuko duzuena. Zortzi abizen euskaldun dituzten erasotzaileek, abizen gaztelarrak dituztenek, errumaniarrek eta arabiarrek gauza bat dute amankomunean: gizonezkoak direla. Eta guri horretan zentratzea gustatzen zaigu. Gutxi izango dira emaztearen eskuetan hil diren gizonen kasuak. Asko dira gizonaren ostikopean azken arnasa hartzen duten andreak. Erasotzaileen jatorria publiko ez egiteak ez du inor babesterik bultzatzen. Aitzitik, arazoa sistemikoa eta sistematikoa dela erakusten du. Gainera, egia da nongoak diren esanez gero jende asko harritu egingo litzatekeela bertoko semeen jokaerarekin.

Berdin du jatorriak. Emakumeak bortxatzen dituzten gizonek beren nagusitasuna erakutsi nahi diote munduari, baina ez beste jatorri konkretu batekoak direnekiko: emakumeak direnekiko baizik. Eta horrek egiten ditu berdin sistema kapitalistaren semeak. Horixe daukate amankomunean heteropatriarkatuaren eusleek: zakila. Eta berdin du haren koloreak, tamainak edo erabilera gaitasunak. Hanka tartean hura zintzilik izateak ematen ei duen nagusitasunak jatorriak baino gehiago agintzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA