Onintza Enbeita

Kamisetak

2026ko ekainaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko euskaltegi batean izan zen. Aurretik sekula ez zitzaidan halakorik gertatu. Ikasle batek nik idatzitako esaldia zeraman kamisetan, nire izen eta guzti. Askotan esan didate euskara ikasleek nire testuak lantzen dituztela klaseetan, baina kamiseta beste gauza bat da. Lotsatu egin nintzen, baina aitortu nion esaldia ona zela eta poza eman zidan kamiseta ikusteak. Bai, ez da ezer berezia baina bere soilean hartuta esanguratsua da esaldia: Denak erantzuten dio zerbaiti. Kamisetak berak eta hark niregan eragindako lotsak ere erantzungo diote zerbaiti. Lagun bertsolariei kontatu nien kamisetarena garagardo bat hartzen ari ginela, eta gurekin agertokia konpartitu behar zuen musikariak barre egin zuen. Txaranga bat sortu du, eta kamisetetan Uxue Alberdiren esaldi bat jarri dute: 20 andre inperfektu iraultzailea da. Neuri ere kamiseta bat jiratzeko eskatu nion. Ez gara ohartzen, baina plazaz plaza ari garenean, edo idazten dugunean, jendeari erabilgarri zaizkion gauzak esaten edo idazten ditugu tarteka. Gure hitzak ez ditu beti haizeak eramaten, eta horretaz jabetzea gauza ederra da. Zerbaitetarako ari garela badakigu, baina inoiz horren pista argiak jasotzeak lagundu egiten digu.

Neuk ez nuke nik esandako ezer daraman kamisetarik jantziko, baina nire lagunek esan dizkidaten gauza asko luzituko nituzke pozik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA