Onintza Enbeita

Konpromisoa

2026ko maiatzaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Administrazioko leihatilen artean bueltaka hasten garenean, gaztelaniaz hitz eginez amaitzen dugu euskaraz hasitako eskaera bilduma. Askotan amore ematen dugu, edo gauzak azkarrago egiteagatik errazenera jotzen dugu. Denbora gutxirekin joaten garenoi askotan irabazten digute euskaraz ikasi nahi ez dutenek. Medikuarenera goazenean ere gertatzen zaizkigu halakoak. Larrialdi zerbitzuak behar ditugunean, edo 112ra deitzen dugunean, eta batez ere geu estu gaudenean, hizkuntza eskubideak ez ditugu lehentasuntzat hartzen. Irabazi egiten digute. Telefonoa gaztelaniaz hartzen digute edo harreran gaztelaniaz hasten zaizkigu, eta guk, larri gaudenok, begiak itxi, arnasa hartu eta gaztelania jatorrean erantzuten diegu. Eta adibide gehiago ere izango dira: kuadrillan euskararik ez dakien bat dagoelako ere, oraindik, jende askok gaztelaniaz egiten du barikuetako poteoa. Ez dakit errazegi ematen dugun amore, nekatuegi gauden edo zer, baina gertatu egiten zaigu.

Bitartean, gazte kuadrilla bat mikrofono aurrean jarri zaigu baxoa euskaraz egingo dutela esanez. Matematikako azterketa euskaraz egiteko konpromisoa hartu dute, nahiz eta badakiten haietako batzuentzat ondorio larriak izan ditzakeela erabaki horrek. Ez dago nekerik, ez damurik, ez konplexurik: konpromisoa dago. Eta besteok ere beti presente izan beharko genuke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA