Badakit nire bizitzaren zati bat publikoa dela, baina nik ez diot inori zuzenean galdetu ze iritzi duen nire bizitzari buruz. Gorputza tartean denean errazago ulertzen ditugu mugak. Ez beti, baina demagun jende zentzudunaz ari naizela, ez besteez. Normalean, badakigu, norbait titi bistan egoteak ez digula ukitzeko baimenik ematen. Uste dut falta zaigula norbaitek zerbait kontatzen duenean entzun eta isilik gelditu gaitezkeela ikastea. Elkarrizketak irakurtzen ditugunean, norbaitek beste norbaiten berri ematen digunean edo bueltan erantzunik espero gabe barrua husten ari den bat entzuten dugunean, ez diogu derrigor gure iritzia eman behar. Badakit denok egiten dugun gauza dela, baina horrek ez du esan nahi ondo dagoenik. Egunero plazara ateratzen garenok, geure adibideak erabiltzen ditugu gugandik harantzago dauden gauzez hitz egiteko. Horrek ez du esan nahi kontatu dugun zera partikular horren gaineko erruki, iritzi edo gorroto bila gabiltzanik. Badakit mugak lausoak direla, baina egon badaude. Nik eskertzen diet ezezagunei txapelketan egin dudan kaka mokordoan, nire amatasunean, alabatasunean edo militantzian arreta jartzea, baina badut lagun bat ezer esaten hasten naizenero gauza inportante bat gogorarazten didana: «Zure iritzia kroketa bat denean, emadazu lasai. Bitartean, ondo pentsatu zer esan behar didazun!».
Kroketak (II)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu