Ez dakit zer daukaten. Ez dakit den bexamela bera, edo hari botatzen zaizkionak. Ez dakit den gazta, diren onddoak, den urdaiazpikoa edo oilaskoa. Ez dakit den forma edo diren arrautza eta irina. Ez dakit zer den kroketak hain berezi egiten dituena, baina zerbait badute. Ez dut gustatzen ez zaizkionik inor ezagutzen. Batzuek pasioz jaten dituzte eta beste batzuek besterik gabe, baina ezagutzen dudan jende guztiak jaten du bat gutxienez mahaira ateratzen dituztenero. Kroketek lagundu izan dute amona eta umeen arteko harremanak estutzen. Edo osaba sukaldariaren eta iloben artekoak. Umeek eta helduok maite ditugu kroketak; dietan bizi den jendeak ere bai.
Gaur kroketaren nazioarteko eguna da. Egun aproposa iruditzen zait Izan Inurriren lema ederrari zentzua emateko: «Ez badakizu zer esan, ekarri kroketak». Ez diezagula bakarrik minbizi kasuetan balio. Norbaiti bertso txapelketa gaizki atera zaionean, edo kalean ume kasketatsua baretu ezinik ikusten dugunean, edo bikoteak utzi duenean, edo lanean hanka sartu duenean, edo amarekin harreman gatazkatsua duenean… ez daukagu zertan gure iritzia eman. Askotan ez da beharrezkoa. Ezer desegokia esateko arriskurik ez hartu. Jarri kroketa plater bat mahai gainean, eta mastekatu lasai elkarri begira. Plazer txikiak min handiak disimulatzen ditu, eta irribarre egiten laguntzen du.