Kezkatuta omen dago. Kezkatuta nigatik. Arraroa egin zaio nik apirilaren 14an ez aipatzea errepublikarik. Datak ahaztu egin zaizkidala pentsatzen du, baina galdera zuzena egin dit: «Zuk badakizu zein egunetan bizi zaren?». Baietz erantzun diot itaunaren jatorrian zegoen kezkaz ezezagun: «Zeu bizi zaren berean». Hala da berez. Koordenatu geografiko eta tenporalak konpartitzen ditugu jaio ginenetik. Kontua da bolada batzuetan ez garela psikologikoki leku berean egoten. Fisikoki askotan kokatzen gara milimetro gutxira, baina gero bakoitzak ditu bere gorabehera emozionalak eta bakoitzak bere ilargira bidaiak. Horregatik maite dut hainbeste: beti itzultzen garelako gorputzez zein arimaz konpartitzen dugun lekura. Elkarrekin zoriontsu garen minutu horretara. Izan ere, distantziak estutzen direnean zortedun sentitzen naiz behinola gure bideak gurutzatu zirelako, eta pentsatzen dut halako zerbait dela laguntasuna. Ez dagoela derrigor egunero hitz egin beharrik, edo egon beharrik; baina inportantea dela jakitea eta sentitzea hamar milagarren salto mortala ematen duzunean ere, badagoela norbait ez dizuna estropezu egiten utziko. Are gehiago, egiten baldin baduzu, ez dio inportako. Zure akatsak ere konpartitzen duzuen bizitza zati horren parte direlako, eta ez duzulako haren aurrean justifikatu beharrik izango.
Lagunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu