Ekintza interesgarri bat antolatu dute astebururako gure herrian. Badakit niri interesatzen zaizkidan gauzak ez direla guztien interesekoak, baina inork ez du izena eman. Inork ez. Herri txiki batekoa izanda eta gauzak antolatzeak dakarren buruko mina zein den jakinda, herrian egiten diren gauza askotara joaten naiz interesik ez izan arren. Ez da beti norberak nahi duen hori izango besteek antolatzen dutena, baina merezi dute guztiok parte hartzea. Konturatu naiz jendeak ez duela horrela funtzionatzen. Gure herriko jendea, eta bide batez herri gehienetakoa, lau taldetan banatu daiteke.
Batetik, denean parte hartzen dutenak daude. Jendeak gaizki hitz egiten du haietaz, nabarmenak omen direlako, baina inor ez da konturatzen zenbat ekintza salbatzen diren haiek han egongo direlako beste inor ez datorrenean ere. Bigarren taldean, haien interesekoak diren gauzetara baino joaten ez direnak daude, edo gauzak haien auzoan antolatzen direnean egoerari ihes egin ezin diotenak. Hirugarrenak jan-edanak erakartzen dituenak dira. Berdin da zer antolatzen duzun: kartelean pintxoak egongo direla jarri, eta etorri egingo dira. Azkenik, minik ez pozik hartzen ez duen jendea dago. Sekula beren intereseko ezer aurkitzen ez dutenak, eta hamar urtean behin, zerbaitek atentzioa ematen badie, kexatu egiten dira ez direlako garaiz enteratu.