Onintza Enbeita

Lehorra

2026ko urriaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hasten zara testu bat idazten eta ia amaituta duzunean ezabatu egiten duzu. Lehen hizkia idatzi duzunerako konturatu zara ez dakizula nora zoazen, ez dakizula zer idatzi nahi duzun, baina azkena idatzi orduko ohartu zara sortzen ari zarena ez dela esan nahi duzuna. Orri zuriari berriz begiratu eta asteburuko bizipen bat kontatzen saiatu zara. Hori ere ez da. Izan ere, ez dakizu kontatu nahi duzun anekdota horretako protagonistak hor egon nahiko duen, eta zer esan nahi duzun badakizun arren, ez zaude ziur anekdota horrek ondo marrazten ote duen zure buruan dagoena. Berriz ere borratu duzu idatzitakoa. Horrelako zerbait gertatu zaizu lau aldiz. Ez duzu desesperatu nahi, baina umea musikara eramateko ordua gainean daukazu eta zure burua lehor sumatzen duzu. Lehor. Ez dago blokeatuta. Berez ideia asko ditu, baina ez duzu bat bera loratu dadin lortzen. Udaberrian babarruna erein zenuen soro hura bezala sentitzen duzu zure burua: erne bai, baina garatu ez. Umea musikara eraman, ekarri, eta berriz eseri zara ordenagailuaren aurrean. Bazkaria eginda egoteak lasaitasuna ematen dizu, baina badakizu hura ere ez duzula zuk egin. Zu lehortuta zaude. Ez zara gai sentitzen zer jango duzun pentsatzeko ere. 

Entregatzen duzu testua, eta hartzen duzu arnasa. Ez da hainbesterako. Egunero fresko ibili behar duenak eutsi diezaioke egun lehorrari.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA