Larrialdietarako gordeta zegoen petrolioa askatzen hasi dira munduko hainbat herrialde. Petrolioa askatzeaz ari ziren titularrak irakurri ditut, eta arreta eman dit. Gordeta zeukaten petrolioa merkatuan jartzeari askatzea deitu diote: liberazioa. Eta pentsatzen hasi naiz ea AEBk eta Israelek pentsatzen ote zuten irandarrak leloak direla. Egun, gerrak irabazteko ez dago zertan umeak hil haiek egitera ohitu diren moduan. Gerrak ekonomikoki irabazi daitezke. Are errazago gerra hasteko aitzakia bakarra petrolioa edo gasa denean. Bai haien erreserbak kontrolatzeko gogoa edo bai haiek merkaturatzeko bideak kontrolatzeko gogoa. Iranek Ormuzera eraman du gerra. Ez dakit zenbat milioi litro petrolio pasatzen diren handik egunero. Orain ez dago hain erraz. Badakite nori utzi pasatzen eta nori ez. Eta orain, pasatu ezin direnek petrolioa liberatu beharra izan dute. Eta guri gasolinaren prezioa igo egin digute. Baina gu 20 zentimo garestiago ordaintzen ari garen gasolina gerra hasi baino lehen erosia zen. Eta larrialdietarako gordeta zeukatena baldin bada ekarriko digutena, orain erosiko duguna ere bai.
Trumpek jarraitzen du esaten gerra irabazita daukatela. Kazetariek diote ez dietela uzten Tel Aviven erori diren misil irandarren irudirik erretransmititzen. Agian, egia ere liberatu egin behar lukete gerra hau hasi zutenek.