Gustatuko litzaidake jendearen funtzionamenduak garapen logikoa daukala sinistea. Gustatuko litzaidake Milei honezkero ez dela presidente irakurtzea. Gustatuko litzaidake entzutea jende asko damutu dela Trumpi botoa eman izanaz. Gustatuko litzaidake zenbait euskaldunek, nahiz eta botoa sakratua izan eta aldatu ez, onar dezatela abiadura handiko trena egiteko xahutu den dirutza xahutzeak ez duela zentzurik izan. Gustatuko litzaidake Urdaibaiko Guggenheim museoari buruzko entzuketa prozesua loteslea izatea. Gustatuko litzaidake bertso txapelketako finaletan, kontzertu handietan, kirol ikuskizunetan elkartzen den jende horrek urtean zehar, behin baino ez bada ere, euskarazko kultur ekoizpenen bat ikustea edo entzutea formatu txikian. Gustatuko litzaidake jendeari ez iruditzea normala hiru bizitzatan gastatuko ez lukeen adina diru daukan jendeak Dubaira edo Abu Dhabira joatea onartzea oraindik milioi gehiagoren truke. Gustatuko litzaidake inork ez diezadala esan israeldarrak gaiztoak direla, baina palestinarrak ere ez direla santuak; baten akatsek ez dute bestearen genozidioa zilegitzen.
Ez dugu historiatik ia ezer ikasi, ordea, eta logikaren arau guztien kontra, faxismoa lurra irabazten ari da, diruagatik egiten den ia guztia justifikatzen diogu elkarri eta behar ez ditugun makroproiektuetan gastatzen dute gure dirua.