Asko maite eta estimatzen ditut azokako gure bezeroak. Militanteak dira. Elikadura onaren militanteak eta lekuan lekuko ekoizpenaren eusleak. Gauza asko galdetzen dizkidate eta nik dena esaten diet: oiloei ez diedala pentsu ekologikoa ematen, baina etxeko artoa eta barazkiak ematen saiatzen naizela ahal dudan heinean, sagarrak Hernanitik eramaten ditudala eta haien barruan izakiak bizi direla, litekeena dela azaren orri artean bizidunak agertzea...; botikak erabiltzen ditudanean ere esan egiten diet. Gorrinarekin gaizki nabilen urteetan aitortu egiten diet amore eman dudala eta botika bota diedala tomateei, eta hala egiten ez dudanean poz-pozik jartzen dira.
Garaian garaikoa jatea militantzia handia da. Egun, eko etiketarekin edo hura gabe edozer erosteko aukera dago edonoiz, eta korronte globalaren kontra azak eta porruak gustura jaten dituen jendea bada. Ez dakit ohartzen garen jende horren garrantziaz: beste guztiek urtarrilean lekak erosten badituzte ere, ekainera arte itxaron egiten digute. Guretzat sulfatadora edozerekin betetzea litzateke errazena eta haientzat benetan nahi duten hori erostea, baina ez dugu egiten. Horregatik maite ditut hainbeste asteleheneroko bezeroak: mila aukera izanda ere, Eroski eta Mercadona irekita izanda ere, guregana etortzen direlako. Ekonomikoki eta emozionalki eusten digutelako.