Kolegioan ibili zenean gosez hilko zela esaten omen zioten mojek. Ama zuen Santanderkoa eta aita Urdaibaikoa. Maketoak zirela esaten ei zieten, baina ez umeek bakarrik: mojek ere bai. Bere amak, ordea, ez omen zuen sekula umorerik falta izan. Bermeoko azokara joaten zenean, entzun egiten omen zituen batzuen eta besteen komentarioak. Ogerleko guztiak ziren ongi etorriak haienean. Etxe guztietan izango zen antzera, ze nik kontatu nion gure gurasoek euskaldunak izatearren izan zituztela arazoak. Gure izebak beti kontatu digu mojen kolegioan lan egin zuela berak ikasi baino gehiago, nahiz eta ikastera bidali zuten. Eta gure aitak esaten du anaiak fraide izan zituenean, generoaren bila etortzen zirela frantziskotarrak gurera. Osabek, ordea, esaten dute haien jatorduetan ez zela genero hori izaten. «Arazoa ez ote da izango maketo eta euskaldun baino gehiago, denok pobreak zinetela?», galdetu diot. «Dudarik gabe!», esan dit.
Orain ere horrela gertatzen baita: arazoa gutxitan dira migratzaileak. Arazoa, ia beti, pobrezia da. Dirua dutenekin ederto moldatzen gara, eta eskuin muturraren diskurtsoa jan duten gehienek nahiago dute kanpoko aberatsari ipurdia garbitu, bertoko pobreari eskua eman baino. Gure ingurura begiratzea baino ez dago jabetzeko. Harrera herria gara eta hori guztia, baina jatorrak bezain klasistak ere bai.