Onintza Enbeita

Pobreak

2026ko martxoaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gure amaren agindu faboritoa da: «Atera oposizioak». Bizitza erdia daramagu elkarrizketa horretan katramilatuta. Milioika aldiz esplikatu diot nik lan gogor egiten dudala, baina ez zaio buruan sartzen mahai inguruz, bertso saioz, liburu aurkezpenez edo dena delakoz betetako agenda lana denik. Beti esaten dit hilabete amaierara iristeko gauza asko egin behar dituela euskaraz sortzea erabaki duenak. Ez baitu nahikoa izango hilabetean ikuskizun bakarrarekin. Asko kobratzea beste batzuentzat gordeta dagoen pribilegioa da. Hala ere, pozik egon behar dugu: zorionekoak gara. Guk ez dugu sekula horretan pentsatu, baina arteen historia artista on eta pobrez beteta dago. Historiari egin zaizkion arte ekarpenik handienak artista pobreen eskutik egin zaizkio.

Gustatuko litzaidake, aste honetan, gure politikariek BECera joan eta halako gauzak esatea makina-erreminta azokan. Enpresa gizonen aurrean jarri eta esan diezaietela: «Zaudete lasai. Gurpila asmatu zutenak pobre hil ziren, gizateriari halako ekarpen ederra egin eta gero». Hemen batzuek zor dugu prekaritatea eta besteei zor zaie behar dituzten zerbitzu publiko guztiak haien esku jartzea irabazi pribatuak gehitu ditzaten. Lotsa eman behar liguke, baina hori ere galdua dugu. Gu ez gara pobrezian hilko, baina sortzaileak zenbat eta prekarioago, artea eta kultura pobreago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA