Onintza Enbeita

Pobrezia

2025eko urriaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badaukat lagun bat ez diena gobernuz kanpoko erakundeei dirurik ematen. Afrikara egin zuen lehen bidaian haserretu zen betiko guztiekin. Han ikusi omen zuen europar zuri bat, nire lagunak hemen sekula izango ez duen auto dotorearekin bueltaka. Bere burua aurkeztu omen zien halako GKEko langile gisa, eta harro kontatu omen zertara joana zen hara. Gure lagunaren iritziz, ordea, egiten zuen bakarra hangoei agintzea zen begiak ordenagailuan iltzatuta zituen bitartean.

Ez dut zalantzan jarriko munduko beste puntara lanera doanak ordenagailua eta autoa behar edo merezi dituenik, baina argi dago pobrezia gainditzeko egiten duguna ez dela nahikoa. Gaur pobrezia gainditzeko nazioarteko eguna da, baina gure gobernuen utzikeria nabarmena da gai horretan. Guk geuk ere onartu beharko dugu behingoz gure bizitza eredua dela munduaren erdia baino gehiago pobretzen duena. Ezin dugu pentsatu milaka milioi gizakik auto bana, telefono mugikor bana, zortzi armairu arropa, egunero jateko nahi adina haragi, ordenagailua... izan ditzakegunik. Argi dago, guztiok biziko bagara, sistema kapitalista erre egin behar dugula, eta teorian hain ederrak iruditzen zaizkigun bizitza ereduak praktikan jarri. Bestela, hor jarraituko dugu esku batekin laguntza programak indartzen eta bestearekin pobrezia betikotzen duen sistema kapitalista zilegitzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.