Onintza Enbeita

Pozoia

2026ko martxoaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egunak beharko ditut haserrea gainditzeko, eta aldi berean, ez nau ezerk harritzen. Bizitza erdia daramagu mediku on edo euskaldunen tranpan ez erortzeko estatistikak, teoriak eta erantzunak ikasten; desprestigiatu nahi liguketen hizkuntza prestigiatzen. «Euskalduna naiz» estigmarik gabe esateko borrokan gabiltza beti. Sekula su-etenik eman ez digun oldarraldiaren atzetik lehen ere egongo ziren pertsonak, alderdiak eta sindikatuak. Orain argi jarri dizkigute mahai gainean. Ez dut ezer esango dutenik espero: ez dute lotsarik. Edozelan ere, galderak sortzen zaizkit. Esate baterako, euskarak baztertu egiten duela gezurra dela jakinda oposizio deialdiaren kontra aitzakia horrekin doana zeren bila doa? Nola deitu diezaiokezu zure elkarteari Euskara denontzat ez baduzu inorentzat ere nahi?

Eta galderen ostean ondorio batera iritsi naiz. Ez dut uste euskarazko C1 maila eskatzea beste munduko ezer denik. Nik ez dakit euskara maila hori ez duen jendeak zergatik ez daukan: ezintasunagatik ala gogorik ez dutelako. Arrazoia bietako edozein dela ere, nazkagarria da dena. Ez baduzue euskaraz ikasi nahi, ez ikasi; ez baduzue euskaraz hitz egin nahi, ez hitz egin; baina saia zaitezte zuen pozoia besteongan bota beharrean, irensten. Zeren euskaldunok ere haserretzen gara, eta zuen harrokeriak mingainari eusten irakatsi digu, indarrez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA