Ez zaizkit errepideko radarrak gustatzen. Inori ere ez, jakina. Kontua da autoan bakarrik noanean despistatu egiten naizela, eta gogor frenatzera behartzen nautela ikusten ditudanean. Hori bera arriskutsuagoa da isunak ordaindu beharra baino. Guztiok egiten dugu, ordea. Nahi dugun abiaduran egiten dugu bidea, eta bat-batean seinaleak abisua ematen digunean, geldi! Horrela gabiltza denok, baina ez errepidean bakarrik.
Ez zaizkit errepideko radarrak gustatzen, baina pentsatzen dut bizitzan aktibatu egin beharko genituzkeela. Zenbat aldiz gertatu zaigu abiadura moteldu dugunean egin gabekoez gogoratzea? Norbait hil dela esaten digutenean beti esaten dugu bizi egin behar dela, baina gero azeleragailua zapaltzen dugu berriro hurrengo hiletara arte. Eta halako batean ohartzen gara ez dugula joan deneko urtebetean maite dugun norbaitekin kaferik hartu, edo ez garela hainbeste maite dugun lekura joan aspaldian, edo ez dugula bizkotxo bat egiteko tarterik hartu itxialdia amaitu zenetik hona. Horregatik beharko genuke radar bat abisua emango diguna: «Aizan, morena, azkartxo zabiltza aspaldion eta gauza gehiegi utzi dituzu egin gabe». Jarri diezagula isuna gure kafearen zain dagoen lagunak edo jar diezagutela bidesari sinbolikoa gustuko dugun lekura iristen ez garen urte bakoitzeko. Zerbaitek esan behar liguke abiadura handiegian goazela.