Beti eman dit amorrua probintzianismoak. Ez zaizkit gutaz egiten dituen karikaturak gustatzen, eta okerragoa dena, Euskal Herria Bizkaiaren eta Gipuzkoaren arteko gerra absurdora mugatzen du. Lehen pentsatzen nuen lehen mailako gizonezkoen futbolak zeukala errua, baina pike futboleroa emaitza baino ez da. Haserretu egin izan naiz Espainiako edozein futbol taldek irabaztea Realak irabaztea baino nahiago duten athleticzaleekin, eta ulertezina egiten zait San Sebastian bezperan saltorik egiten ez duena bilbotarra izango delako salto egitea. Pena ere ematen dit. Pikeak behar dira, eta herrien edo eskualdeen zein hirien arteko ezinikusi ironikoak ondo daude. Kontua da noraino eraman nahi dugun ustezko broma hori. Eta badira txisteari broma kutsua kentzen dioten momentuak.
Ez dut esango ez egiteko donostiarrei eta bilbotarrei buruzko txisterik, baina pentsa dezagun bi bider: gure arteko haserre honek nor eta zer elikatzen du? Urteak daramatzate gure politikariek luzeena nork daukan erabaki ezinda. Batean egiten duten azpiegitura erraldoia errepikatu egiten dute bestean, eta ez dugu herri gisa pentsatzen. Kantabriarako bidesaria askoz merkeagoa da Gipuzkoarakoa baino. Bakoitzak egin dezake salto nahi duenagatik: faxista ez izateko, matxista ez izateko edo bilbotarra ez izateko. Salto guztiek ez dute zeru bera ukitzeko balio, ordea.