Onintza Enbeita

Sufragioa

2025eko urriaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badago jendea pentsatzen duena guztion botoak ez lukeela berdin balio behar. Azkar ahaztu dute sufragio unibertsala ez dela betidanik egon den zerbait. Hego Euskal Herrian, esate baterako, emakumeek ezin izan zuten botorik eman 1933ra arte. Bigarren Errepublika deitutako aldi hartan, beren burua ezkertiartzat zuten gizon politikariek ez zuten emakumeek botoa eman zezaten nahi «erraz manipulatu» zitezkeelako. Orain diotenez, beste batzuk dira erraz manipulatu daitezkeenak, eta faxismo berriak hortz zuriko irribarrez esaten du ikasketen arabera edo gaitasun intelektualaren arabera neurtu beharko litzatekeela bakoitzaren botoaren balioa. Hori bai, inori ez zaio okurritu pentsatzea gaitasun ekonomikoaren araberako zerga sistema bat jartzerik. Pertsonarik zaurgarrienei eskubideak murrizteko aitzakiak baditugu, baina inolako meriturik gabe, edo, okerragoa dena, besteak esplotatua dirua egin dutenen betebeharrak zehazteko ez gara gai.

Kontuz ibili behar genuke, ze orain gaitasun intelektuala jarri da jomugan, baina gero jarriko dira ikasketa maila, jatorria, azalaren kolorea, gaitasun ekonomikoa, genitalak, generoa… eta azkenean itsusiak diren pertsonen botoak ez duela balio esango digute, eta, agian orduan, beren burua besteak baino polit eta azkarragotzat dutenak ohartuko dira berandu dela faxismoa gelditzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.