Pentsatzen genuen ez zela iritsiko momentua, baina iritsi da: Espainiako bandera eskuetan, festa izorratzen saiatu dira faxistak Orkoienen. Han gertatu bada, hemen ere gerta daiteke. Han eta hemen kendu, eta jarri zeuen herrien izenak. Faxismoa badator. Ez da halakorik diodan lehen aldia, baina alarma azkarregi jotzen ari garela diotenek hor dute adibidea. Ez bainaiz ni bakarrik halakoen usaina lehenagotik hartu duena. Jule Goikoetxeak esan zidan behin: «Faxismoa hemen dago. Garai latzak tokatuko zaizkigu». Aspaldi da esan zidala, eta hark deskribatu bezala ari dira gertatzen hainbat gauza. Espero dudan bakarra da haren pronostikoa erabat betetzea. Horrek esan nahiko baitu egunen batean joan ere egingo dela faxismoa. Kontua da halako mugimenduak ez direla etorri bezala joaten, edo lekua ez dutela etorri direnean aurkitu bezala uzten.
Faxistak harrotuta daude mundu guztian izaten ari diren loraldiarekin. Beldurra ematen dute, eta badakite. Hori da haien jolasa. Zenbat eta beldur gehiago hedatu, errazago egin ahal izango dute nahi duten guztia. Inauteri festa bat izorratu dute. Haientzat gutxi, baina festatik etxera urdaila estututa joan zirenentzat asko. Gure eskuetan dago noraino iritsiko diren erabakitzea, edo haien bidea mugatzea. Ezin diegu sukalderaino sartzen utzi.