Etxetik lan egitea eta garraio publikoa erabiltzea: horiek dira Bruselatik datozen agindu, aholku edo dena delakoak energia krisiari aurre egiteko. Dena da barregarria; edo negargarria, egunaren arabera. Izan ere, Europar Batasunak, inon eragiteko gaitasunik izaten jarraitzen badu behintzat, energia krisiaren oinarrian dauden arazoak konpondu beharko lituzke: inbasioa eta gerra. AEBek eta Israelek Iranen kontra hasi duten gerra esparru geografiko konkretu zenbait, energia fosilak eta bestelakoak kontrolatzeko hasi dute. Logikak esaten du, energia krisirik badago, haiei egin behar zaiela belarritik tira, baina halakoetatik urrun, etxetik lan egiteko esan digute. Gure soldata ordaintzen dutenei, berriz, guri etxera joateko aukerak eman diezazkigutela. Mundua aldrebes dago. Logikak norabide errazak markatzen baditu ere, konponbideak beti logikaren kontrako norabidean aplikatu nahi izaten dituzte.
Gazan eta Libanon lantoki izan zirenak suntsituta daude, eta garraio publikoa antzera izango da. Iranen gauza bera egin nahi dute. Irudi izugarriak iristen dira, baina Bruselak ez du hautsa kendu nahi. Ez du hautsez estali diguten egia arakatu nahi. Ez dago gogorik. Ez dago balorerik. Interes ekonomiko eta kolonialak bakarrik. Telelana ondo dago, baina ez dut uste etxean gelditzeko garaiak direnik.