Onintza Enbeita

Trukea

2026ko urriaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azokan trukea eskaini dit lagun batek. Arrautzak ordaindu ordez, berak egindako konbutxa emango dit berak. Onartu egin diot tratua. Ez zait konbutxa bereziki gustatzen, baina nire inguruan badago gustura edaten duenik. Lagun batzuek esaten didate ez nukeela halakorik egin behar. Ulertzen dut zer esan nahi didaten. Badakite biguna naizela, eta trukearen kontua urrunegi eraman dezakedala. Finean, haien beldurra da ni azokatik etxera gauza askorekin baina dirurik gabe itzultzea. Edozelan ere, nire lagun horiek, jai duten edozein astelehenetan, gauzak autora sartzen ari naizenean, saldu ez ditudan gauzak eskaintzen dizkiedanean, pozik hartzen dituzte mahai gainean dirurik jarri gabe. Eta ez ditu kezkatzen egun horretan gure kaxan egongo den txanpon kopuruak. Eta nik badakit hala izan behar duela, nire lagunak direlako, eta nik gauzak eman ere egin nahi dizkiedalako.

Askotan pentsatzen dut merezi baino hobeto zaintzen nauen jendea daukadala inguruan. Egun batzuetan, hala ere, barre egiten dut haietako bakoitzarengandik nork babestuko nauen pentsatuaz. Izan ere, denek pentsatzen dute bestea dela min emango didana, edo nitaz aprobetxatuko dena, edo gehiegi eskatuko didana. Norberak ez du norberaz halakorik pentsatzen. Ez da hainbesterako. Uste dut neu ere halakoa izango naizela besteen laguna naizenean.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA