Bermeoko Itsas Museoaren aurrean topo egin genuen, eta handik egun gutxira flotillan ateratzekoa zela esan zidan. Barruak mugituta itzuli nintzen etxera. Bada jende ausarta, edo koherentea, edo inkontzientea. Edo hirurak batera. Jende hori beharrezkoa dugu, ordea. Ea bakarka zer egin dezakegun galdetzen diogu geure buruari, ea guk nola geldi dezakegun genozidioa, ea pertsona bakarrak sistema osoa nola zalantzan jar dezakeen esaten dugu lagun artean gaudenean. Bada, badira moduak. Ez, ez dugu denok zertan ontzi bat hartu eta Gazara joan. Erosten ditugun gauzak nondik datozen begiratzeak lagun dezake, esate baterako. Umeak ginenean esaten ziguten dena ez dela politika, politika eta beste gauza guztiak bereizi egin behar direla. Gero eta argiago daukat dena dela politika: ogia egunero erostetik hasi, eta ilea garbitzeko erabiltzen dugun xaboiraino. Denak erantzuten dio zerbaiti.
Bizitzeko perspektiba aldatu behar genuke zentzu horretan. Iraultza handiak noiz antolatuko diren zain egon beharrean, gure eskura dauden iraultza txikiak has ditzakegu. Gure ekintza txikiek, hasieran, geure burua baino ez dute irauliko, baina ez ahaztu jende asko irauliz gero gizartea irauli daitekeela. Gauza handiak mugitzeko zain egotea aitzakia ederra da aldatu ditzakegun gauzak ez aldatzeko, eta jarrera horrek ere erantzuten dio zerbaiti.