Ume bat hartu eta jolas parke batean sartzen bazara, laster ikusiko duzu nola urruntzen diren zenbait ume. Ez dakit zer ikusten duten beren parekoengan, baina utopia Galeanori bezala urruntzen zaizkie beste haurrei pausoka. Badira ume berriengana lasai etortzen diren umeak, edo behintzat, haiek datozenean ihes egiten ez dutenak. Hor gelditzen dira berriak zer egingo. Barre egiten dute askotan beren inozentzian: batez ere, etorri berri den umeak haiek baino gauza gutxiago egiteko gaitasuna badu oraindik. Elkarrekin dantzan hasten diren umeak ere badira, eta orduan, pertsonen arteko kimika izan badela ulertzen du batek. Nola azaldu dezakezue bestela, hitzik egiten ez duten izaki txiki bi, elkarri eskutik heldu, eta dantzan hastea topo egiten duten lehen aldian? Badira besteen jostailuen bila baino mugitzen ez diren umeak. Hor ere mota bikoak daude: batzuek norberak jostailua eskaini arte begiratu egiten dute eta besteek norbera despistatzen denean hartu egiten dute hartzera etorri diren hori. Â
Izugarria da parkeetako fauna. Sekula ohituko ez naizen zera beldurgarri bat badute umeek beren hauskortasunean: krudelak izaten badakite. Eta hala ere, parkeetako gauzarik interesanteena gurasoak ikuskatzea da. Beti begiratzen dut norekin dauden umeak, eta gutxitan huts egiten du ekuazioak. Gurasoen araberakoak dira umerik gehienak.