Onintza Enbeita

Zerbait gaizki

2025eko urriaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur bezalako egun batean hasi zen dena. Bezperan argitaratutako artikulu batek jendearen haserrea piztu zuen. Hilabete batzuetan iraun zuen bonbardaketak intentsitate desberdinarekin, baina bigarren mezurako konturatu nintzen ez zegoela eztabaidarako aukerarik. Jendeak, sare sozialetan, ez zuen eztabaidatu nahi. Izan ere, beste espazio batzuen inguruan lasai hitz egin nuen jendearekin: konfiantza dudanekin eta ez dudanekin. Sare sozialetan, ostera, gaia dimentsioz aldatu. Orain dela gutxi gertatu da, eta orain ere gertatzen ari da beste pertsona batzuekin. Sare sozial birtualetan, zein herriko taberna eta parkeetan. Artikulu, mezu edo ipuin batetik abiatzen da zurrumurrua, eta azkenean abiapuntuan zegoena ikusi edo irakurri ez duen jendeak ere parte hartzen du sorgin ehizan.

Arrazoia norena zen eta norena den epaitzea ez dagokit niri, jakina. Kontua da azken asteek egun haiek eta ostean etorri zirenak gogorarazi dizkidatela. Eta hara non, larunbatean Iruñean eztarria urratu beharrean hemen zerbait gaizki doala kantatzen ari nintzela, orduko arnasa hartzeaz gogoratu nintzen. Kantuan ari zen gizonak, bere izen eta abizen, Euskal Herrian duen pisuari erreparatu gabe, elkartasun mezua publikatu zuen. Lehenengoa. Orain ere badago hemen gaizki dagoen zerbait, baina pantailetatik harago, eusten digun sare ikusezin bat bada. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.