Asteburu honetan kantuan harrapatu gaitu euriak. Zapatuan, esate baterako, Muñatoizko gazteluan. Leku paregabea da kanturako, baina zerua lehertu egin zen, eta ganorazko aterperik ez geneukan ez publikoak ez guk. Pena eman zidan. Edozein saio eteteak ematen du pena, baina halako lekuetan kantatzeko aukerak urriak izaten dira. Gure erromantizismo xaloan pozik geunden Muñatoizko hormen barruan. Garai batean barrukoak etsaiengandik babesteko eraikitako hormen babesean geunden, baina gaur egun, han ere ez dago bat erabat lasai egoteko moduan. Trumoiak gora begiratzera behartu gintuen, eta horrela egin zigun zeruak abisu: Petronorren tximinietako bat geneukan bertan. Luze, sendo. Denboraleak ez zion dardararik eragin. Gu korrika abiatu ginen autorantz, baina tximinia han utzi genuen: Muñatoiz baino gorago, altuago. Garai batean horma sendoak eraikitzeko gai zenak erasoak saihestu ahal izango zituen, baina egun sukalderaino sartuta daukagu gerra. Edo gerran ari den jendearen atzamarrak. Gerra egiteko moduak aldatu egin dira: sotilagoak dira orain. Ikusezinagoak. Hor daude, hala ere. Hemen ez digute bonbarik botatzen, beste leku batean botako dituztenak guk erositako zenbait gauzaren irabaziekin erosten dira. Eta larunbat xume batean, Muskiztik Iran ikusten ez den arren, hor dago Petronor: petrolio egarriz.
Zerua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu