Nabilelako nago hain zikin. Hala kantatu zenuen hainbat aldiz, eta hala sentitzen gara gu orain. Gaur beteko dira hogei urte hil zinela, eta inpresioa dut Euskal Herriak ez zaituela zure garaiko gizonak adina miretsi. Ez Dok Amairun ibilitako gizon askoren kantak ia ereserki bihurtuta daude gure artean, baina ez dakit zuk kantatu zenigunari behar adinako baliorik eman diogun. Eta nik behin eta berriro entzuten zaitut. Eta agertokira igotzen naizenero pentsatzen dut ibiltzea dela zikintzen nauena, baina ez dudala oinez jarraitzea besterik, eta hemen geldituko naizela. Eta ikasi dut zikin sentitzen ez hala sentiarazten nautelako, maite ditudan gauzen alde busti egin naizelako baino. Eta banabil, nahiz eta nekatuta egon. Eta askotan ikusten dut jendea urrun, baina jarraitu egin nahi dut. Eta egun txarra dudanean buklean jartzen dut zure kantu ederra: ze hotza egiten duen anaiaren ondoan.
Bakoitzak egiten du bere bidea, eta bere bizipenak biltzen ditu bide horretan. Ezin diogu elkarri bere errelatoa ukatu, baina nik eskerrak eman nahi nizkizuke, Lourdes Iriondo. Eskerrak bihotzez, nik egiten dudana egiteari zentzua ematen dion kantu hau ni jaio aurretik ere kantatzearren. Efemerideek ez dute balio lagundu digutenak gogoratzeko ez bada. Gaur, zure izenean, ibilian zikindu diren emakume guztiekin gogoratuko naiz.