Onintza Enbeita

Zitekeenaz

2026ko urtarrilaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hedabideek istripu baten berri ematen dutenean, edo natura oldartzen denean, edo mundua alda dezaketen gauzak gertatzen direnean azaltzen dira, beti. Guztiok gertatu denari begira gauden bitartean, haiek izan zitekeenaz hitz egiten digute. Izan ere, berdin du New Yorken dorre bikiak erori diren, Londresko metroan tiroketa izan den, Japonia tsunamiak astindu duen edo Txinako harresiaren zati bat erori bada. Gertatu baino hiru minutu lehenago edo ordu laurden beranduago han egon dira. Eta haiek ez badira izan han egon direnak haien lehengusu baten koinataren lehengusina izango da egon dena gertaera baino minutu bat lehenago. Edo esango dute hurrengo trenean joan zirela istripua izandako lekura, edo aurreko autobusean iritsi zirela koadroa ostu zuten museora. Badakit izango direla kasualitate ederrak bizitzan. Badakit izango direla bigarren jaioaldiekin lotu daitezkeen despisteak. Hala ere: gertaeren dimentsioak esan behar liguke inportantea dena ez dela guri gertatu ez zaiguna, baizik eta beste batzuei gertatu zaiena.

Bide batez, halako tren istripu bat beste zerbitzu batzuen prezioak igotzeko erabiltzea lotsagarria iruditzen zait. Desgrazia guztietatik negozioa egin nahi izatea gehitxo iruditzen zait. Kapitalismoak ez dio begiratzen gertatu zitekeenari, bistan denez, gertatutakoaren ondorioez baliatzen da diru gehiago egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA