Lerro hauek duela aste pare bat EH Bilduko energia arloko hiru arduradun nagusiek sinatutako idatziari erantzutera datoz, Mikel Oteroren, Ander Goikoetxearen eta Oihan Mendoren artikuluari, zehazki. Idatzi horretan modu ponpoxoan energiaren demokratizazioaren inguruan hitz egin arren, Etxauriko herriari inposatu nahi zaion makro mailako energia fotovoltaikoen planta defendatzeko asmoa agerian utzi dute.
Proiektu hau eraso larri gisa identifikatzen dugu EH Bizirik-eko kideek, eta, ondorioz, erantzutera behartuta ikusi dugu geure burua. Lehenik eta behin, Etxauriko proiektuaren ezaugarriak zeintzuk diren argi uztea komenigarria dela uste dugu: Dimentsioa: 45MW - Azalera: 62 hektarea; ekoitziko litzatekeen elektrizitatea Orkoiengo azpiestaziora bideratuko da, ekoizpena zuzenean hiriburura bideratuz; kokapena: Sarbil mendian, balio ekologiko handiko eremua eta ur bidean kokatua; aurrekariak: proiektu honen oso ezaugarri antzekoak zituen proiektu bat bertan behera uztea erabaki zen eremuak zuen balio ekologiko handia zela medio; babes soziala: Etxauriko herriak argi esan du ez duela proiektu hori onartzen, 2025eko abenduan egindako manifestazioa da horren erakusgarri. 500 pertsona inguruko manifestazioa, 700 biztanle baino gutxiagoko herri batean; sustatzailea: lursail horren jabe pribatua (EH Bilduren laguntzaz).
Deskribapen labur honek agerian uzten du proiektu hau aurrera ateratzeko borondateak ez duela zerikusirik eskualdeko beharrekin eta herritarren nahiekin. Giro nahasi horretan ulertu behar dugu EH Bilduk oso modu interesatuan plazaratu berri duen idatzia. Bertan «trantsizio energetikoaz» eta «sistema energetikoaren demokratizazioaz» mintzo dira behin eta berriz. Azken urteetako joerari jarraituz, adierazpen lausoak eta zehaztasunik gabekoak planteatu dituzte eta bertatik argi atera daitezkeen gauza gutxietako bat Solaria eta Etxauriko proiektuekiko duten jarrera da.
Solaria eta Etxauriko proiektuak alderatu dituzte bi ereduren arteko talka bat irudikatu nahian, izatez eredu berari erantzuten dioten dimentsio ezberdineko bi proiektu baldin badira ere.
Energia ekoizteko azpiegituren gaineko kontrolaz mintzo dira, kontrol publiko-komunitarioa aipatzen dute, zehazki. Baina zertan oinarritzen da hori? Orain arte ikusi dugunaren arabera, proposamen honen ortzi muga elektrizitatea ekoizteko azpiegituren kontrol publiko eta herritarra eskuratzean oinarritzen da. Ideia honek bi hutsune nagusi ditu.
EH Bilduk momentu honetan energiaren aferan duen epe motz-ertainerako planteamendua guztiz partziala izanik (sorkuntzara mugatzen da eta komertzializatzeko nahia adierazi du), enpresa handien beharrek baldintzatzen dute. Azken batean, ekoitzitako elektrizitatea Iberdrola bezalako enpresa handiei saltzera kondenatuta baitaude
Lehenik, muga ekonomikoa. Herritarren parte hartzeaz mintzo direnean (komunitarioa), izatez gizarte maila oso mugatu bati buruz ari dira. Dirua jartzeko gaitasuna duenaz zehazki. Esku hartze publikoaz mintzo direnean, berriz, argi dago (barne ponentzietan ere horrela aitortzen dute) estatu aparatuak ez duela gaitasun ekonomikorik beharrezkoak dituen energia ekoizpeneko azpiegitura guztiak bereganatzeko. Beste modu batera esanda, administrazio publikoak ezinbestean sektore pribatuarekin elkarlanean aritu beharra dauka. Horren adierazle da, esaterako, Labrazako kasua. Aixeindar enpresa da sustatzailea eta Iberdrolak eta Eusko Jaurlaritzak osatzen dute. Beraz, kontrol publiko-komunitarioaz ez, baizik eta kontrol publiko-pribatuaz hitz egin beharko genuke. Enpresa pribatuz, administrazio publikoz eta zenbait norbanakoz osatua.
Bigarrenik, energiaren salmenta: argi izan behar dugu energiaren gaineko kontrola ez dela erreala izango honek hiru faseen gaineko kontrola izan ezean, hau da, ekoizpena, garraioa eta kontsumoa. Ondo dakigun moduan, gaur egun enpresa energetiko handien mende daude hirurak eta errentagarritasun ekonomikoa da irizpide nagusia. EH Bilduk momentu honetan energiaren aferan duen epe motz/ertainerako planteamendua guztiz partziala izanik (sorkuntzara mugatzen da eta komertzializatzeko nahia adierazi du), enpresa handien beharrek baldintzatzen dute. Azken batean, ekoitzitako elektrizitatea Iberdrola bezalako enpresa handiei saltzera kondenatuta baitaude. Honekin argi ondoriozta dezakegu natur eremuen suntsiketa enpresa handien mesedetan izango dela beste behin.
Proposamenaren hutsune esanguratsuenak argitu ondoren, garrantzitsua da aipatzea beste zona batzuetako porrotaren ondoren datorrela Etxauriko saiakera. Azpeitikoa da horren adibide argi bat, bertan Starkraft enpresa zen EH Bilduren promesak egikarituko zituena, baina azkenean EAE mailan zituen bi proiektuak bertan behera gelditu dira, tartean, izandako mobilizazio sozialaren ondorioz. Argi dago Etxaurin inposatu nahi duten makro mailako proiektu fotovoltaikoak ere ez duela energiaren demokratizazioarekin zerikusirik. Eskualdeko beharretatik urrun, bere interes elektoralak bermatzera begira eginiko apustu moduan ulertu behar dugu hau.
Etxauriko herritarrak makro mailako proiektu honen aurka eramaten ari diren borrokaren garrantzia azpimarratu nahi dugu, beste behin agerian utzi baitu lekuan lekuko biztanleak direla enpresen interesen aurrean natur ingurunea defendatzeko berme bakarra. Euskal Herria Bizirik-eko kideok injustizia hauen aurrean eta lurraren defentsan borrokatzen jarraituko dugu.