Ainize Madariaga

Abusatu

2024ko maiatzaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Autozerbitzua. Negozio borobila. Horko neska harekin esposatu nahi badut, bahitzea aski; ez, barka, aski ez: bortxatu ere egin dezaket. Adin ttikikoa bada ere, lasai. Hogeita lau orenez gutienik abusatu dezaket hartaz, elearen bi adieretan: sexu-abusua eta dibertitu. Ondotik, mila puskatan hautsi dudan ontzia enea bilakatuko da sekulako, aldi honetan, gainera, legez: ezkontza-konpontzailea dela medio. Filippo Melodia siziliar mafiosoa entseatu zen horren egiten Viola Francarekilan. Protokoloa ongi betetzen hasi zen: bortxaz eraman baitzuen eta hartaz abusatu, gainera, partekatu egin zuen lagun taldearekin.

Biktima bera izan zitekeen aditzaren etimologiaren parte, baina ez, ez dio Violak eman izena violare-ri. Kuraiaz beterik, aitzi egin zion borreroa salbatzeari; bortxatzailearen ohorea garbitzeari: auzitaratu baitzuen, harekin esposatzea ukatuz. Viola izen zikindua publiko egiteaz ez zen lotsatu (hau ere bere bi adieretan: beldurtu eta ahalketu). Sinesgaitza da Italiak 1981a arte legez hori praktikatu izana. Are, Frantziak duela 30 urte tanko indargabetu zuela.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA